XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guk txatarratzat erosi genuen eta pare bat hilabete geroago airean geneukan berriro.

San José de Payaminoko lurreratze-pista aihotzaz irekitako soilune bat zen.

Horretaz gain, futbol-zelai, azoka eta plaza nagusia ere bazen.

Han utzi genuen oilarra zeraman gizona, zorte ona eduki zezan opatu nion, errekina hartu eta bidaiari ekin genion berriro Payamino ibaiaren gainetik hegan urek Punokoekin bdt egin zuten arte eta, geroago, beti ipar-ekialderantz, San Francisco de Orellana kaia hegaldatu genuen, Puno eta Coca ikusi genituen hego-ekialdera doan Napo ibai handira joaten.

Bertako urek mila eta hirurehun bat kilometro egiten dituzte Amazonas ibaiaren ur bizia elikatzeko.

Hegaldiaren azken etapan abiadoreak bere bizitzari buruzko hainbat xehetasun kontatu zizkidan.

Texacoren pilotu izan zen, ondo ordaindua, behinola gringoak atsegin ez zituela eta Amazoniarekin maitemindurik zegoela konturatu zen arte.

- Emakume bat bezalakoa da, man.

Barruan sartzen zaizu, azalean.

Ez du ezer eskatzen, baina beti berak nahi duen guztia egiten amaitzen duzu.

San Sebastián del Cocan hizketan segitu genuen eta, ronaz leporaino bete ginen parranda gau baten ostean, lagunak izan gintezkeela erabaki genuen.

Baita izan ere.

Berari esker ezagutzen ditut airetik Amazoniako erregio ezkutu eta zoragarrienak, hark bere burua baino hobeto ezagutzen zituen mundu berde haren misterio asko eta, gure lehenengo hegalditik urte asko iragan zirenean unibertso berde haren suntsiketa kriminalari buruzko erreportaia batzuk egitera itzuli nintzenean, hantxe zegoen Palacios kapitaina, behar zen lekura eramateko prest.

Azkeneko aldiz El Pantanalen ikusi nuen, Brasil eta Paraguay artean, Matto Grosso behean.

Adoretsu agurtu genuen elkar, lagun-erritoan edandako ronak ematen duen alaitasunaz eta jacaré-en (...)